XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ALVIN-EN AURKIKUNTZA HUNKIGARRIA

Baina urpekuntzi bereziek ikerketetan egindako aurkikuntzarik garrantzitsuenetako bat, iharduera bolkanikoa duten dortsaletan bizi-oasiak aurkitzea izan da.

Orain dela urte gutxi inork ez zuen sinesten 4.000 metroko sakoneretan bizia egon zitekeenik, hara Eguzkiaren energiak heltzerik ez duelako eta, beraz, fotosintesirik ez dagoelako.

Baina Alvinek egindako murgilketa batean ustegabe ikaragarri izan zuten

Han, ilunpe beltzenetan, dortsalen ondoan sortzen diren tximinien inguruan, bizia zegoen.

Hura zen iraultza, hura, naturalista eta zientzilarientzat!!!

Bizi-oasi esaten dugunean honakoa esan nahi dugu: dakigunez, itsaspean 4.000-5.000 metroko sakoneretan argirik ez dago eta fotosintesirik ere ez.

Beraz, arrain batzuk alde batera utzita (beste txoko ekologiko batzuetan bizita, leku horietara noizean behin azaltzen direnak aparte utzita, alegia) ez da posible itsas landare erroturik eta ekosistema konplexuak zonalde horietan aurkitzea.

Baina berriro ere Naturak harritu egin gaitu, moldatzeko duen gaitasun ikaragarria erakutsiz.

Egindako murgilketetan bizitza egonkorreko eta guztiz garaturiko ekosistemak aurkitu dira zonalde berezi horietan.

Zonalde horiek, noski, ez dute eguzki-energiarik fotosintesia garatzeko, baina tximinia batzuen bitartez magma beroarekin konektaturik daude eta hidrogeno sulfuroa etengabe sortzen da tenperatura handitan.

Alvinek aurkitutako ekosistemen funtzionamendua irudian argi baino argiago agertzen da; testuarekin batera jarraitzerik baino ez dago.